Buru Osasuna Euskadik ohartarazi du buruko osasun arazoak dituzten emakumeen aurkako sexu-indarkeriak isilarazita jarraitzen duela

Osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeen % 28k presioak jasan ditu baimenik gabeko sexu-harremanak izateko, eta % 26k baimenik gabeko sexu-ukituak pairatu ditu, GEA ikerketaren (2025) arabera. ‘Isiltasuna sintoma izan daiteke’ da euskal federazioaren sentsibilizazio-kanpaina berriaren leloa. Ekimenaren helburua da agerian jartzea zer-nolako oztopoak topatzen dituzten jasandako indarkeriaz hitz egiteko eta laguntza eskatzeko.

Buru Osasuna Euskadik ohartarazi du osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeen artean sexu-indarkeriaren prebalentzia handia dela, eta emakume horiek zailtasun handiak dituztela indarkeria identifikatzeko, horretaz hitz egiteko eta laguntza jasotzeko. Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna (azaroak 25) dela eta, Agifes (Gipuzkoa), Asafes (Araba), Asasam (Aiaraldea) eta Avifes (Bizkaia) elkarteak biltzen dituen euskal federazioak sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian, oraindik ere ezkutuan dagoen eta emakumeen buru osasunean ondorio larriak dituen errealitate hori nabarmentzeko.

Datuek agerian uzten dute arazoaren neurria. GEA azterlanaren (2025) arabera, ikerketan parte hartu duten eta buruko osasun arazoak dituzten emakumeen % 28k presioak jasan ditu baimenik gabeko sexu-harremanak izateko, eta % 26k baimenik gabeko sexu-ukituak pairatu ditu. Gainera, indarkeria sufritu zuten emakumeen % 66 ez zen zerbitzu espezializatuetara jo laguntza eske.

Federazioak ohartarazi du isiltasun horren atzean oztopo ugari daudela, hala nola beldurra, erruduntasun-sentimendua, lotsa, estigma edo sinetsiko ez dieten beldurra. “Emakume askok urteak behar izaten dituzte jasandako sexu-indarkeriaz hitz egiteko, eta batzuek ez dute inoiz aipatzen. Buruko osasun arazoak dituzten emakumeen kasuan, beren testigantza zalantzan jartzeko arriskua oztopo nabarmena da indarkeria-egoerak antzemateko eta beharrezko laguntzak eskuratzeko”, adierazi du María Ángeles Arbaizagoitia Buru Osasuna Euskadiko presidenteak.

Indarkeria jasateko arrisku handiagoa eta laguntza eskatzeko oztopo gehiago

Azken urteotan egindako ikerketek agerian utzi dute buruko osasun arazoak dituzten emakumeek indarkeria matxista jasateko arrisku handiagoa dutela. Buru Osasuna Euskadik 2017an egindako ikerketaren arabera, arrisku hori emakumeen biztanleria orokorrarena baino bi edo lau aldiz handiagoa da.

Era berean, euskal federazioak bere ikerketan ondorioztatu zuen bikotekidea izan duten eta buruko osasun arazoak dituzten hiru emakumetik batek bikotekidearengandik sexu-indarkeria jasan zuela bizitzako uneren batean. Ikerketak agerian utzi zuen, halaber, emakume askok hasiera batean ez dituztela zenbait egoera sexu-indarkeria gisa identifikatzen, bereziki bikote-harremanaren barruan gertatzen direnean.

Zailtasun horiei osasun mentaleko arazoei lotutako estigma gehitu behar zaie. Horren ondorioz, emakumeen testigantzak zalantzan jar daitezke edo indarkeria-egoerak haien diagnostikoari egotzi, eta horrek indarkeria antzematea eta behar dituzten laguntzak eskuratzea zailtzen du.
Bestalde, ikerketak nabarmendu zuen arreta-zerbitzuek ere zailtasunak dituztela indarkeria hautemateko. Horrek agerian uzten du indarkeria identifikatzeko eta hura jasan duten emakumeei arreta emateko mekanismoak hobetu behar direla.

Federazioak gogorarazi du, gainera, sexu-indarkeriaren eta buru osasunaren arteko harremana bi noranzkokoa dela. Erasoek buruko osasun arazoak eragin ditzakete edo lehendik zeudenak larriagotu, eta antsietatea, depresioa, trauma osteko estresa, gizarte-isolamendua edo autoestimuaren galera ekar ditzakete, besteak beste. Aldi berean, zenbait diskriminazio-egoerak indarkeria gehiago jasateko arriskua areagotu dezakete.

Kanpaina berria: ‘Isiltasuna sintoma izan daiteke’

‘Isiltasuna sintoma izan daiteke’ lelopean, Buru Osasuna Euskadik kanpaina bat abiarazi du, osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeen aurkako sexu-indarkeriaren inguruko isiltasunez hausnartzera gonbidatzeko.
Ekimenaren ardatza sentsibilizazio-bideo bat da, eta bertan erakusten da nola beldurrak, estigmak eta sinesgarritasun faltak emakume askori jasandako indarkeriaz hitz egitea eragotz diezaieketen. “Askotan, isiltasuna ez da hautu bat, ondorio bat baizik” da ikus-entzunezkoaren mezu nagusietako bat. Bideoa entzuteko, indarkeria antzemateko eta emakumeei laguntzeko deiarekin amaitzen da.

Kanpaina osatzeko, hainbat podcast eta sare sozialetarako informazio-material argitaratuko dira. Horietan, sexu-indarkeriak buru osasunean dituen ondorioak, indarkeria identifikatzeko zailtasunak eta indarkeria jasan duten emakumeei erantzun egokia ematearen garrantzia landuko dira.

Eduki horiek Emakumea eta Buru Osasuna ekimenaren kanalen bidez zabalduko dira. Buru Osasuna Euskadiren ekimen horrek sentsibilizazioa eta osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeen parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzen ditu.

Entzutea eta laguntzea, isiltasuna hausteko

Buru Osasuna Euskadik azpimarratu du sexu-indarkeria antzemateko erantzukizuna ezin dela emakumeen gain soilik utzi. Beharrezkoa da familia- eta gizarte-inguruneak, osasun-zerbitzuak eta erakundeak prestatuta egotea, indarkeriaren zantzuak antzemateko eta erantzun egokiak emateko. Ildo horretan, federazioak generoaren eta buru osasunaren ikuspegiak txertatuko dituen arreta aldarrikatzen du, emakumeen testigantzak haien diagnostikoaren arabera soilik interpretatzea saihestuko duena eta baliabide espezializatuetarako sarbidea erraztuko duena.
“Entzutea, antzematea eta bidelagun izatea funtsezkoak dira sexu-indarkeriari aurre egiteko”, gogorarazi du María Ángeles Arbaizagoitia Buru Osasuna Euskadiko presidenteak, eta erantzukizun kolektiborako deia egin du, estigmari aurre egiteko eta emakume guztiek indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea bermatzeko.

Sentsibilizazio-ekintza hauek Emakunderen eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren babesa dute.
 

Compartir esta entrada