Buru Osasuna Euskadik emakumeek jasaten duten diskriminazioa eta adinkeria salatu ditu, eta buru nahasmendua duten emakumeengan jarri du fokua

Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Buru Osasuna Euskadik, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta senitartekoen euskal elkarteak biltzen dituen federazioak, buruko nahasmendua duten emakumeek aurrez aurre topatzen dituzten hesiak eraistearren lan egiteko beharra nabarmendu du; izan ere, eragin negatiboa dute euren parte-hartzean gizarte eta lan arloetan, baita beren ongizate emozionalean, autoestimuan eta eskubideetan ere.

8M mujer y salud mental

Buru Osasuna Euskadik, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta senitartekoen euskal elkarteak biltzen dituen federazioak (Agifes, Asafes, Asasam eta Avifes), emakumeek jasaten duten diskriminazioa salatu du, eta buru nahasmendua dutenek bereziki pairatzen duten kaltea azpimarratu du. Euskal erakundeko presidente María Ángeles Arbaizagoitiak deitoratu du buru-nahasmendua duten emakumeek "askotariko diskriminazioa" jasaten dutela, eta beharrezkotzat jo du “genero-ikuspegi intersekzionala aplikatzea emakume bakoitzak sufritzen dituen diskriminazioak aztertzeko”.

Halaber, Buru Osasuna Euskadik bat egin du Espainiako Buru Osasunaren Konfederazioak M8 honetan abiarazitako kanpainarekin, adinkeriaz ohartarazteko eta adineko emakumeek jasaten duten matxismoak beren osasun mentalean duen eragina nabarmentzeko. Konfederazioak adineko emakumeek bizi duten “mehatxu bikoitza” azpimarratu du: "Arau patriarkalek eta gaztetasunarekiko interesak emakumeen ongizate eta buru osasunak okerrera egitera daramate", OMEk Adinkeriari buruzko Munduko Txostenean (2021) adierazi duenez.

"Adineko emakumeak espazio publikotik kanpo uzten dira, eta beren bizi-ikaskuntzak gutxiesten dira, adineko gizonek baino neurri handiagoan. Inolako oinarri zientifikorik ez duten ideia horiek diskriminazio bihurtzen dira: soldata txarragoak jasotzen dituzte, eta beren bizitzan eta erretiroa hartzean pobrezia-arrisku handiagoa dute; ugaltzeko adina amaitzen zaienean ikusezin bihurtzen dira; ordezkaritza eta parte-hartze txikiagoa dute espazio publikoan; eta zaintza-lan gehienak bere gain hartzen dituzte", azaldu dute Salud Mental España erakundetik.

"Egoera hori areagotu egiten da osasun mentaleko arazoak dituzten adineko emakumeen kasuan. Izan ere, depresio-diagnostikoa duten eta soilik tratamendu farmakologikoa jasotzen duten emakumeen kopurua oso esanguratsua da; askok ez dute arreta psikoterapeutikorik jasotzen. Medikazioarekin sufrimendua arintzeaz gain, oso garrantzitsua da kausak aztertzea egoerari irtenbidea eman ahal izateko ", adierazi du María Ángeles Arbaizagoitiak.

Buru Osasuna Euskadik osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeengan jarri du fokua, bereziki zaurgarriak baitira. Hain zuzen, buru nahasmendua duten emakumeek sufritzen duten bortxakeriari buruz ohartarazi ditu instituzioak. Izan ere, bikote-harremanean egon direnen % 80k indarkeria matxista jasan du (fisikoa edo/eta psikologikoa), eta % 42k ez du egoera hori indarkeria gisa identifikatu. Beraz, arazo horiek prebenitzeko beharrezko neurriak aldarrikatu ditu, Buru Osasuna Euskadik hainbat ikerketetan adierazi duen bezala.

Emakumeen ahalduntzea

Arbaizagoitiak funtsezko alderdiak aipatu ditu, hala nola emakumeen ahalduntzea sustatzeko beharra, gizarteratzeko eta laneratzeko oinarrizkoak diren esparruetan parte har dezaten laguntzeko; batik bat enpleguan eta formakuntzan, emakumeek parte-hartze murriztua baitute arlo horietan. Era berean, genero-ikuspegia arreta-eremu guztietan txertatzearen alde agertu da federazioko arduraduna: gizarte, osasun, enplegu eta indarkeria alorretan, besteak beste.

Euskadiko federazioak, gainera, bere Emakumeen Berdintasunerako Sailetik bat egin du Emakundek abiatutako ‘Ni feminista naiz’ kanpainarekin.

Sentsibilizazioa

Buru osasuneko arazoak dituzten emakumeen egoeraz kontzientziatzeko, eurei informatzeko eta beren jabekuntza bultzatzeko hainbat sentsibilizazio ekintza burutzen ari da Buru Osasuna Euskadi Facebookeko 'Mujer y Salud Mental - Emakumea eta Buru Osasuna' eta Instagrameko ‘Mujer y Salud Mental’ orrialdeetan. Horrez gain, www.emakumeaetaburuosasuna.org webgunea dauka, kontzientziazio- eta informazio-lana indartzeko. Ekintza horiek Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Demografia eta Gazteria Sailak babesten dituzte.

Bestalde, bai Buru Osasuna Euskadi eta bai bere barne dauden elkarteak buru-belarri ari dira ahalduntzearen alde lanean, emakume taldeak osatuz eta haiei nahiz profesionalei zuzendutako formakuntzak eskainiz. Horrez gain, gizonezkoentzako ikastaroak ere antolatzen dituzte maskulinitate berrien inguruan, eta buru nahasmendua duten emakumeen gizarteratzea sustatzeko ekintzak ere lantzen dituzte.

Compartir esta entrada