Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, indarkeria matxistak emakumeen eta nesken osasun mentalean duen eraginaz ohartarazi du Buru Osasuna Euskadik. Giza eskubideen urraketa dela eta gizonen eta andrazkoen arteko desberdintasunaren adierazpen larriena agerian uzten duela ohartarazi du Agifes, Asafes, Asasam eta Avifes elkarteak biltzen dituen federazioak.
Ildo horretan, jakinarazi du indarkeriak emakumeen egungo zein etorkizuneko buru osasunean eragina duela. Haurtzaroan zein nerabezaroan jasandako sexu-abusuek, esaterako, arazoak ekar ditzakete hainbat urte geroago, eta etengabe pairatutako indarkeriak ere osasun mentaleko arazoak eragin ditzake. Dagoeneko buru nahasmendua duten emakumeen kasuan, haien gaixotasunak okerrera egin dezake indarkeriaren biktima izanez gero.
Zentzu horretan, Buru Osasuna Euskadik nabarmendu du oso garrantzitsua dela emakumeei enpatikoki entzutea indarkeria matxistarekin loturiko egoerak kontatzen dituztenean. "Osasun mentaleko arazoak dituzten emakume askok egunero entzuten dituzte jasaten duten indarkeria gutxiesten edo zalantzan jartzen duten mezuak, dela ingurune hurbiletik, dela zerbitzu publikoetatik. Indarkeria matxista geldiaraztea gizarte osoaren erantzukizuna da, eta funtsezkoa da emakumeei entzutea, haien ahalduntzea babestea eta zapalkuntza-egoera horietatik ateratzeko prozesuan laguntzea", adierazi dute. Gainera, "Ez da hainbesterako izango!" edo "Lasaitu zaitez, esajeratzen ari zara!" bezalako adierazpen normalizatuek “garrantzia kentzen diote indarkeriaren larritasunari eta biktimak motibaziorik gabe uzten dituzte laguntza bilatzeko orduan. Narratiba hori aldatzea funtsezko urratsa da indarkeria matxista desagerrarazteko”, erantsi dute.
ZIFRAK: BURU NAHASMENDUA DUTEN EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA
Hain zuzen ere, Buru Osasuna Euskadik nahasmendu psikikoa duten emakumeen aurkako bortizkeriari buruz egindako ikerketak agerian utzi zituen indarkeriaren eta gaixotasun mentalaren arteko loturak, eta askotan biolentzia nahasmenduen jatorrian dagoela jakinarazi zuen. Azterlanaren arabera, gaixotasun mental larri bat edukitzeak indarkeria jasateko arriskua areagotzen du, eta horrelako gertaeren biktima izateak lehendik dagoen gaixotasun mental baten sintomatologia okertzen du. Bestalde, datuek adierazten dute osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeen % 26k sexu-bortxakeria pairatu dutela haurtzaroan, eta emakume guztien batez bestekoari dagokionez, % 3,5ean dago zifra.
Horrez gain, gaixotasun psikiko larria duten emakumeen %80k –noizbait bikote-harremana izan dutenen artean– jasan dute indarkeria psikologikoa, fisikoa edo sexuala helduaroan. Gainera, azterlanak egiaztatu zuenez, buru gaixotasuna duten eta bikotean bortizkeria sufritzen ari diren emakumeen %42k ez du egoera biolentzia moduan identifikatzen. Kezkagarria da, halaber, kasuen erdian emakumea artatu duen profesionalak ez dituela hauteman pazienteak jasotako tratu txarrak.
Buru Osasuna Euskadiko Emakumeen Berdintasunerako Arloko María Isabel García Peñak adierazi du buru nahasmendua duten emakume asko ez direla ausartzen beren egoeraz hitz egitera sinesgarritasun faltagatik. "Askotan zalantzan jartzen da emakumeen kontakizuna, eta horrek oztopo egiten die haien egoeraz mintzatu eta laguntza jasotzeko garaian. Gure handicap nagusia kasuak hautematea da, eta, horretarako, prestakuntza eta sentsibilizazioa behar dira arreta-eremu guztietan, erne egon daitezen", esan du.
Buru Osasuna Euskadik ohartarazi du, halaber, haurtzaroko abusuek eragindako estres handiak edo indarkeria matxista duen familia batean bizi izanak askoz ere arrisku gehiago dakarrela osasun mentalarentzat.
Testuinguru horretan, euskal federazioak indarkeriari modu integralean heltzea eskatzen du, profesionalen prestakuntza eta horrelako kasuetan esku hartzeko eta bideratzeko protokoloak kontuan hartuta. Horretaz gain, bortizkeria matxista jasaten duten emakume eta neska gazte guztien osasun mentalari arreta berezia eskaintzeko aldarrikatu du, etorkizuneko buru osasuneko arazoak prebenitzeko, bai eta buru gaixotasuna duten emakumeen egoeraz sentsibilizatzeko ere, isilpean dauden indarkeria matxistako kasuak detektatzen laguntzearren.
SENTSIBILIZAZIOA
Errealitate horri aurre egiteko burututako ekintzen artean, euskal federazioak bultzatutako Emakumea eta buru osasuna kanpaina dago. Ekimen horren barne dago sentsibilizaziora eta kolektiboaren ahalduntzera bideratutako webgunea, baita Facebookeko eta Instagrameko orriak ere. Sentsibilizazio-ekimena duela zenbait urte abiatu zen eta ekintza berriekin elikatzen doa buru nahasmendua duten emakumeak ikusarazi eta eurek jasotzen duten arreta hobetzeko helburuarekin.
Beste ekintza batzuen artean, emakumeen ahalduntzea bultzatze aldera, narratiba aldatzearen garrantzian arreta jartzen duen bideo bat plazaratu du Buru Osasuna Euskadik (https://www.youtube.com/user/Fedeafes). Era berean, federazioko kide diren emakumeei zuzendutako antzerkiaren bidezko ahalduntze- eta sentsibilizazio-tailerrak gauzatzen ari dira. Prestakuntza horiek Laudion, Bilbon, Gasteizen eta Donostian egin dira.
Sentsibilizazio-ekintzek Emakunderen eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailaren babesa dute.
Bestalde, Buru Osasuna Euskadik bat egin du Emakunderen kanpainarekin, "indarkeria matxista ukatzea hori babesteko modu bat” dela azpimarratzeko.