Buru osasunarekin loturiko diagnostikoa duten emakumeek diskriminazioari aurre egiteko neurriak eskatu dituzte

Estatuko osasun mentaleko konfederazioaren baitan dagoen emakume sareak adierazpen dokumentua aurkeztu du kolektibo honen oinarrizko eskubideak defendatzeko, urratuak izan baitira eguneroko bizitzako arlo anitzetan.

dia internacional mujer salud mental

Estatuko osasun mentaleko elkarteen konfederazioaren baitan dagoen emakume sareak adierazpen dokumentua aurkeztu du kolektibo honen oinarrizko eskubideak defendatzeko, urratuak izan baitira eguneroko bizitzako arlo anitzetan. Emakume talde horren barne daude buru nahasmendua duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioko (Fedeafes) hainbat ordezkari. Manifestuan jasotako salaketa eta aldarrikapenen artean daude: justizia eskuragarri izatea gizonezkoen baldintza beretan, baita indarkeria matxistarekiko babes eta harrera zerbitzuak eskuragai edukitzea ere. Hezkuntza ez sexista ere aldarrikatu dute, eta euren oinarrizko eskubideak errespeta daitezela eskatu dute.

Sareko kideek adierazi dutenez, “generoan oinarritutako desberdintasun estrukturalaren ondorioz, emakume izatea buru nahasmendua garatzeko arrisku faktore bilakatu da. Munduko Osasun Erakundeak hala aitortu du, generoak buru osasunean eragin garbia duela adieraziz. Zehazki, emakumeok depresioa izateko hiru bider aukera gehiago dugu. Buru osasun arazo ohikoena da hori eta munduko desgaitasun kausa nagusia izango da”.  

Espainiako buru osasun arloko konfederazioaren emakume-sareko kide eta Fedeafeseko ordezkari María Isabel García Peñak azaldu duenez, ia urte oso bateko elkarlan eta gogoetaren emaitza da dokumentu hau. “Gure ahalduntzearen fruitu da, eta argi islatzen du gu geu entzunarazi behar garela eta gure oinarrizko eskubideen alde borrokatzeko erabat gai garela”. 

Diskriminazio intersekzionala

Halaber, buru osasun arazoa duten emakumeek jasaten duten diskriminazio intersekzioala salatu dute, eta bereziki “emakume izateagatik eta buru osasun egoeragatik” pairatzen duten bereizkeria. Zentzu horretan, buru nahasmenduen inguruan eraikitako aurreiritziek “izaki asexuatu edo hipersexual” gisa irudikatzen dituztela adierazi dute. “Adin txikikoak izango bagina bezala tratatzen gaituzte; ama izateko, bikote-harremanean egoteko, heziketa jasotzeko edo egiazko argudioak erabiltzeko ezgai ikusten gaituzte”. 

Ikusmolde horiek direla eta, diskriminazio egoera ugari sortzen dira eta emakumeak ikusezin bihurtzen dira, sareko emakumeek urtez urte salatu duten moduan. Adibide gisa, medikuaren kontsultan jaso ohi duten tratua deitoratu dute, profesionalek zuzenean buru nahasmenduarekin lotu ohi baitute kontsultan aurkeztutako osasun arazoa. 

Justizia baldintza beretan eskuragarri edukitzeari dagokionez, euren “kontakizunarekiko mesfindantza” eta bidean topatzen dituzten “oztopoak” aipatu dituzte dokumentuan.

 
Buru osasun arazoa duten emakumeekiko indarkeria

Buru osasun arazoa duten emakumeek bi edo lau aldiz arrisku gehiago dute bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria jasateko, gainerako emakumeekin alderatuz. Fedeafesek landutako azterlan baten arabera, gainera, gaixotasun psikiko larria duten emakumeen % 80k, noizbait bikote-harremana izan dutenen artean, jasan du indarkeria psikologikoa, fisikoa edo sexuala helduaroan. Halaber, azterlanak egiaztatu duenez, buru gaixotasuna duten eta bikotean indarkeria sufritzen ari diren emakumeen % 40 baino gehiagok ez du egoera indarkeria moduan identifikatzen, eta biolentzia hautematen eta salantzen dutenei ez diete sinesgarritasun nahikorik ematen, osasun mentaleko diagnostikoa dela medio. 
Aurreko datuek erakusten duten egoera larria ezagutarazi arren, eta indarkeria matxistak osasun mentaleko arazoen larriagotzean eragin garbia duela behin eta berriz azpimarratzen bada ere, kolektibo honetako emakumeek “zailtasun ugari” topatzen dituzte biolentzia matxistatik babesteko baliabideetan sartzeko, eta “babesgabe” geratzen direla salatzen dute. María Isabel Garcíaren esanetan, gainera, indarkeria ez du soilik bikotekideak eragiten; inguruko pertsonak ere izan daitezke errudun. 

Fedeafeseko beste ordezkari batek, Mª Dolores Romerok, nabarmen du “emakume gisa ahaldundu eta beharrezko arreta eskatzeko beharra” dagoela. “Buruko osasun arazoa dugun emakumeon ahotsa funtsezkoa da”, gaineratu du.
Kolektiboaren jabekuntza

Avifes (Bizkaia), Agifes (Gipuzkoa), Asafes (Araba) eta Asasam (Aiarako bailako, Araba) elkarteak bateratzen dituen federazioak eskatu du buru nahasmendua duten emakumeekin esku-hartzean genero-ikuspegia barneratzeko, gizonezkoekiko parekidetasuna bermatze aldera. Entitate honetako presidente Mª Ángeles Arbaizagoitiak iritzi duenez, “emakume hauek ahalduntzeko ekintzak diseinatu behar dira, euren gizarteratze eta laneratzean funtsezkoak diren arloetan parte har dezaten bultzatzeko”. Esate baterako, lan arloan, heziketa-guneetan eta jarduera okupazionaletan. Horrez gain, “osasun mentaleko arazoa duten amei laguntzeko baliabideak eskatu ditu, amatasun eskubidea beharrezko babesarekin gauzatu dezaten”.  

Emakumeak ahalduntzeko ekintzak

Kolektibo honek pairatzen duen kalteberatasun egoeraz kontzientziatzeko, bai Fedeafes eta bai bere barne dauden elkarteak buru-belarri ari dira lanean emakumeak ahalduntzeko taldeko ekintzen eta andreen nahiz profesionalen prestakuntzaren bitartez. Gainera, gizonezkoentzako ikastaroak ere antolatzen ditu maskulinitate berrien inguruan, eta buru nahasmendua duten emakumeen gizarteratzea sustatzeko ekintzak ere lantzen ditu.

Horrez gain, Zaballa espetxearekin kolaboratzen du Fedeafesek, kartzelaratuta dauden emakumeak ahalduntzeko, kolektibo bereziki zaurgarria baita indarkeria nahiz desparekotasun egoeren aurrean. Zentzu horretan, zenbait sentsibilizazio-ekintza burutuko dituzte martxoaren 9an eta 13an, emakume zein gizonezkoekin. Fedeafesek landutako sentsibilizazio-ekintzek Emakunderen eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken babesa dute. 

Manifestua irakurri

Compartir esta entrada