Podcast kanal bat ireki dugu Buru Osasuna Euskadiko lagunok. Bertan, osasun mentalaren inguruan esateko asko duten pertsonekin solasean arituko gara. Ongi etorri!
Podcasta honako plataformetan dago entzungai: Apple Podcast, Ivoox, Amazon Music, Spotify, Google Podcast eta Anchor.
Lehen atala
Buru Osasuna Euskadik bere instalazioen ateak ireki ditu lehen atala grabatzeko. Federazioko kide diren hiru emakume ezagutuko dituzue, Loli, Amaia eta Maria Isabel, eta haien bizipenak, esperientzia, sentitzeko modua eta bizi-ikuspegia partekatuko dizkigute. Buru-nahasmendu larria duten emakumeen % 80k indarkeria matxista jasaten dutela dio euskal federazioak landutako azken azterlanak. Emakumeok irmotasunez diote, laguntzarekin, zailtasun egoera horietatik ateratzeko aukera dagoela.
Bigarren atala
Beharrezkoa al da genero-ikuspegia buru nahasmenduen tratamenduetan?
Solasaldi interesgarria izan dugu Ana González Pinto psikiatrarekin. Psikiatriako eta Osasun Mentaleko Espainiako Fundazioko presidentea da, eta baita Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Psikiatriako katedraduna eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko burua ere. González Pintok azpimarratu du genero-ikuspegia ezarri behar dela, bai ikerketan, bai diagnostikoan edo tratamenduetan. Gainera, adierazi du hainbat patologiak desberdin eragiten dietela emakumeei eta gizonei. Tratamenduak aplikatzerakoan emakumeen hormona-aldaketak (menopausia, adibidez) kontuan hartzearen garrantzia ere nabarmendu du. Buru Osasuna Euskadi federazioaren barne dauden elkarteen zeregina funtsezkoa da buru-nahasmendua duten pertsonei laguntzeko, González Pintok adierazi duenez.
Hirugarren atala
Nolakoa da ADHNrekin bizitzea? Juncal Giménez 23 urteko gazte arabarrarekin hitz egin dugu. Soziologian lizentziaduna da, eta hamaika urte zituenean jaso zuen arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen diagnostikoa.
Juncal Giménez bere haurtzaroaz mintzatu zaigu, baita bere burua gaintzeko gaitasunaz ere. Horri esker, soziologian lizentziatu da eta soberan duen energia bideratzeko trikimailuak landu ditu. Amak ere diagnostiko bera du, eta biek garbi dute buruko nahasmendua eduki eta emakume izateak estigmatizazio bikoitza dakarrela. Familian arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua agertzen denean honakoa gomendatzen du: pazientzia handia izatea eta terapiara ezinbestean joatea.
Laugarren atala
Poesiak lagundu al diezaieke buru nahasmendua duten emakumeei genero-berdintasuneko gaiei heltzen?
Bego Guerrero aktorearekin hitz egin dugu. Duela bost urtetik poesia tailerra ematen du Buru Osasuna Euskadi federazioko elkarte batean. Poesiaren bidez, sentitzen dutena adierazteko hitz egokiak aurkitzen laguntzen die parte-hartzaileei, baita genero-ikuspegiko gaiak landu ere. Eszenako profesional honek eskarmentu handia du, eta gizarte-salaketarekin eta bidegabekeriaren aurkako borrokarekin lotutako proiektu artistiko konprometituak aukeratu ohi ditu. Proiektu horietan generoaren alderdia agertzen da, eta ziur dago artea entretenimendua baino askoz gehiago dela eta buru nahasmendua duten pertsonekin lan egiteko tresna izan daitekeela.