Espainiako buru osasun elkarteen konfederazioko emakume-sarearen adierazpena

Buru osasunean aditu bezala, politika publikoen garapenaren arduradunengana eta, oro har, gizartearengana jotzen dugu, emakume gisa ditugun eskaerak helarazteko. Sistema patriarkalaren eraginez sortzen diren genero-desberdintasun estrukturalaren ondorioz, emakume izatea osasun mentaleko arazoren bat edukitzeko arrisku-faktore bilakatu du".

fedeafes dia mujer autonomia

"Buru osasunean aditu bezala, politika publikoen garapenaren arduradunengana eta, oro har, gizartearengana jotzen dugu, emakume gisa ditugun eskaerak helarazteko. 

Sistema patriarkalaren eraginez sortzen diren genero-desberdintasun estrukturalaren ondorioz, emakume izatea osasun mentaleko arazoren bat edukitzeko arrisku-faktore bilakatu du. Hala aitortzen du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), generoak buru osasunari eragiten diola adierazten duenean. Izan ere, emakumeok hiru aldiz arrisku handiagoa dugu depresioa garatzeko. Buru osasun arazo ohikoena da hori, eta desgaitasun arrazoi nagusia izango da munduan.

Era berean, gure osasunaren diagnostikoan eta tratamenduan genero-alborapena egoten jarraitzen du. Osasun mentalean, diagnostiko alboratu horiek gehiegizko medikazioa eta bestelako osasun arazoak sortzen dituzte, eta kalte egiten diete gure bizi-kalitateari eta autoestimuari.

Gainera, buru osasunarekin loturiko zailtasunak ditugun emakumeok estigma bikoitza jasaten dugu emakume izateagatik eta gure buru osasun egoeragatik. Aurreiritzi horiek direla eta, izaki asexuatu edo hipersexual bezala aurkezten gaituzte, adin txikikotzat hartzen gaituzte, ama izateko edo bikote-harremanean egoteko ezgai ikusten gaituzte, baita egiazko argudioei eusteko ezgauza ere. “Eroak”, “histerikoak”, “depresiboak” edo “ama txarrak” bezalako katalogazio errepikakorrak errealitate horren adierazgarri dira.

Estereotipo horiek bereizkeria-egoera ugari sortzen dizkigute: hala nola nahitaezko esterilizazioak eta abortu hertsatzaileak, Ezgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenean eta Istanbulgo Hitzarmenean jasotako sexu- eta ugalketa-eskubideak urratzen dituztenak.

Emakumearen aurkako indarkeria eta buru osasuneko arazoak agertzea edota larriagotzea elkarri lotuta dauden arren, genero-indarkeriatik babesteko baliabideetara iristeko oztopoak aurkitzen ditugu. Era berean, indarkeria matxista ez da behar bezala tratatzen osasun mentaleko zerbitzuetan. Horrek esan nahi du osasun mentaleko arazoak izateak emakume-izaera ikusezin bihurtzen duela.

Hala ere, genero-rol tradizionalak betetzen jarraitzen dugu; izan ere, aldi baterako zainketak behar ditugun arren, beste edozein pertsonak bezala, gu ere zaintzaileak gara ordaindu gabeko eremu pribatuan.

Halaber, berdintasun baldintzetan justiziara heltzeko hesiak aurkitzen ditugu. Eta are gehiago biktimizatzen gaituzte gure lekukotasunarekiko mesfidantzak, autoestigmak bortizkeria-egoerak hautemateko guregan sortzen dituen zailtasunak edo judizialki ezgaituak izateak.

Bestalde, eta nahiz eta gure egoera ezagutzeko sexuaren arabera bereizitako daturik ez izan, 
buru osasun arazoak dituzten pertsonen langabezia-tasa altuena da desgaitasuna duten pertsonen artean. Buruko osasun arazoa izateak hezkuntzarako eta enplegurako sarbidea oztopatzen baditu, emakume izateagatik are zailagoa da arlo horietan garatzea. Baldintza horiek korapilatu egiten digute emantzipazioa eta autonomia, eta isolamendu eta babes gabezia handiagoko egoeran bizitzera behartzen gaituzte.

Datu ofizialen arabera, osasun mentaleko arazoak edo zailtasunak dituzten pertsonen erdia gara gutxi gorabehera. Emakume eta buru osasun arazoa dugun pertsona gisa, gure ahotsa historian zehar isildua izan da. Horregatik, ondo dakigu kontakizun osoak eraikitzeko ikuspegi ezberdinak hartu behar direla kontuan. 

Uste dugu gure ahotsa eta buru osasunaren arloan dugun esperientzia partekatzeak gizarte ongizateari mesede egiten diola. Horregatik, honako hau eskatzen dugu:

  • Osasun mentalean, funtsezko prebentzio-estrategia gisa, hezkuntza ez sexista behar dugu, autonomia, gizarteratzea, erantzunkidetasuna eta zaintza ardatz dituena.
  • Generoan eta buru osasunean aditua den profil profesionala sendotzea. 
  • Zerbitzu publiko guztien irisgarritasun unibertsala bermatzea, bai eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako berariazko babesgailuak ere.
  • Zerbitzu publikoetan eta osasun mentaleko zerbitzuetan genero-ikuspegia txertatuko dela bermatzea, talde trebatu, koordinatu eta diziplinartekoen bidez.
  • Esparru guztietan gure eskubide eta autonomia babestua izatea, krisialdi, instituzionalizazio edota tutoretza egoerei arreta berezia eskainiz.  
  • Bizimodu duina bermatuko duen Oinarrizko Errenta Unibertsala ezartzea. 
  • Kontziliaziora bideratutako lan-merkatua lortzea, aniztasunera egokitua, ez-sexista eta osasun mentala errespetatzen duena.
  • Sexologiaren, generoaren eta buru osasunaren inguruko ikerketa handitzea, laguntza eta euskarria eskainiko digun profesional adituaren figura sortzeko oinarriak ezartze aldera.
  • Amatasunaren inguruan genero-ikuspegia duten informazio, orientazio eta konpainiarako zerbitzu publikoak eratzea eta, behar den kasuetan, erabakiak hartzeko unean horiek berdintasun eta askatasun baldintzetan hartzen lagunduko gaituen familia-plangintza edukitzea. 
  • Krisialdi- edota indarkeria-kasuetan familiak hartu eta elkartzeko mekanismoak ezartzea.
  • Buru osasuneko zerbitzuetan indarkeria-kasuak hauteman eta tratatzeko  protokolo zehatzak ezartzea.  
  • Emakume gisa bizi ditugun egoeren azterketa eta gogoetatik hasita, osasun mentalaren inguruko irudi positibo eta errealista zabaltzea.
  • Buru osasunean lengoaia baikor, inklusibo eta ez-sexistaren erabilera sustatzea. 

Izan ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea ezinbestekoa da gure osasun mentalaren arretan eta zaintzan".

Martxoa 2020

Compartir esta entrada