Fedeafesek baliabide gehiago eskatu ditu buru nahasmendua duten emakumeek jasaten duten indarkeria matxista hautemateko eta biktimei arreta egokia emateko 

emakumeen aurkako indarkeria geldiarazi

Emakumearen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, indarkeria matxistaren arretarako zerbitzu publikoek buru nahasmendua duten emakumeen berezitasunak aintzat hartzeko beharraz ohartarazi du Fedeafesek, buru osasun arazoa duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak.

Buru nahasmendua duten emakumeek bi edo lau aldiz arrisku gehiago dute bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria jasateko, gainerako emakumeekin alderatuz. Hala adierazten du Fedeafesek egindako ikerlanak. Azterlan horren arabera, gainera, gaixotasun psikiko larria duten emakumeen %80k –noizbait bikote-harremana izan dutenen artean¬– jasan du indarkeria psikologikoa, fisikoa edo sexuala helduaroan. Gainera, azterlanak egiaztatu duenez, buru gaixotasuna duten eta bikotean indarkeria sufritzen ari diren emakumeen %42k ez du egoera indarkeria moduan identifikatzen. Beste datu batzuen artean, buru gaixotasun larria duten emakumeen %26k haurtzaroan bortxakeria sexuala sufritu duela jakinarazi dute, gainerako emakumeen zifraren (%3,5) oso gainetik. Horrez gain, kezkagarria da kasuen erdian psikiatrak ez dituela hauteman pazienteak azken urtean jasotako tratu txarrak.

Testuinguru horretan, indarkeriari modu integralean heltzea eskatzen du Fedeafesek, profesionalen prestakuntza kontuan hartuz, baita biolentzia-kasuen aurrean esku hartzeko eta deribazioak egiteko protokoloak landuz ere. Era berean, emakumeen babeserako baliabideetan kolektibo honetako andreei harrera bermatzea eskatu die euskal federazioak erakunde publikoei. 

Sentsibilizazioa

Errealitate horri aurre egiteko burututako ekintzen artean, Fedeafesek bultzatutako Emakumea eta buru osasuna kanpaina dago. Ekimen honen barne dago sentsibilizaziora eta kolektiboaren ahalduntzera bideratutako webgunea, baita Facebookeko eta Instagrameko orriak ere. 

Besteak beste, indarkeria matxistari buruzko sentsibilizazio-bideo bat zabaldu du aurten Fedeafesek, gizonei zuzenduz, hausnarketara bultzatu eta inplikazio handiagoa lortzeko indarkeria matxistari aurre egiterako orduan.

Era berean, emakume eta gizonentzako prestakuntza-ekintzak garatzen ari dira, baita profesionalentzat ere. Emakumeei zuzendutako buru osasunari buruzko tailer bat ere egiten ari dira, eta Zaballako espetxean dauden emakumeentzako topaketa bat gauzatuko dute, eskuragarri dituzten baliabideei buruzko informazioa emateko. Ekintza hauek Emakunderen eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren babesa dute.

Fedeafesek, gainera, Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioaren #NosotrasSíContamos kanpainarekin bat egin du, pandemiak osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeek jasaten duten indarkerian izan duen eragina ikusaraztea aldarrikatzeko. Ekimen hau Espainiako Osasun Mentaleko Emakumeen Estatuko Sareak bultzatzen du, non Fedeafeseko Emakumeen Berdintasunerako Arloko emakumeek parte hartzen duten. Zentzu horretan, Fedeafesek Emakumeen Estatuko Sarean duen ordezkari María Isabel García Peñaren iritziz, “kasu askotan, osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeen independentzia errazteko baliabiderik ez dagoenez (hala nola etxez etxeko edo laneko laguntzak) indarkeria areagotu egin da pandemian zehar”.

Emakumeenganako indarkeriari buruzko azterlana

Fedeafesek landutako eta Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailak babestutako azterlanak azaleratu du indarkeria jasatearen eta osasun mentaleko arazo larria izatearen artean harreman nabarmena dagoela. Horrez gain, ezagutarazi dute indarkeriak eragina izan dezakeela, beste faktore batzuekin batera, buruko osasun arazo larriren bat izateko aukeran. Gainera, ohikoa da aldi berean hainbat indarkeria-mota jasatea. 

Zentzu horretan, Fedeafesek gogorarazi du 2017an Eusko Legebiltzarrak buru osasunaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuela, talde parlamentario guztien babesarekin. Euskal Ganberak kezka berezia adierazi zuen "genero-indarkeria pairatzen duten eta buru gaixotasuna duten emakumeengatik”. Horregatik, onartutako deklarazioan administrazioei eskatu zien “zain dezatela kolektibo hori" eta "bere beharrei erantzun egokia eman diezaiotela”.
Profesionalak sentsibilizatzeko gida

Buru gaixotasuna duten emakumeekin lan egiten duten profesionalak sentsibilizatzeko gida landu du Fedeafesek. Dokumentu horretan indarkeriaren biktimen eta osasun mentaleko arazoen arteko konexioez ere ohartarazten dute. Zehazki, kasu askotan indarkeria dago patologiaren beraren oinarrian eta, gainera, nahasmendua duten pertsonek arrisku gehiago dute biolentziaren biktima izateko. 

Gidaliburua lagungarria da indarkeria-egoera horiek detektatzeko gizarte eta osasun zerbitzuetan zein buru gaixotasuna duten pertsonekin lan egiten duten elkarteetan. Tratu txarrak hautemanez gero, nola jokatu jakiteko jarraibideak ere jasotzen ditu dokumentuak.

Compartir esta entrada