"Genero-indarkeriaren biktima izateak buru osasun arazoak eragin ditzake"

Genero-indarkeria iceberg handi baten puntaren azpian dagoena da: desberdintasun estrukturalarena, alegia. 2018an Osasun sailak egindako galdeketaren arabera, maila desberdinetan baina emakume guztioi eragiten digun arloa da hori.

Margarita Sáenz Herrero

MARGARITA SAENZ HERRERO, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko psikiatra

Nola eragiten du genero-indarkeriak emakumearen buru osasunean?

Genero-indarkeria iceberg handi baten puntaren azpian dagoena da: desberdintasun estrukturalarena, alegia. 2018an Osasun sailak egindako galdeketaren arabera, maila desberdinetan baina emakume guztioi eragiten digun arloa da hori. Txostenaren arabera, emakumeek etxeko lan eta zaintzarekin loturiko eginbehar gehiago dituzte gizonezkoen aldean, eta antsietate eta depresio portzentaje handiagotan daude. Lan prekarietatea dute eta etxeko lanetan ordu gehiago ematen dituzte, ikasketa edo gizarte maila edozein izanda ere. Horrek guztiak eragin zuzena du buru osasunean, eta beharrezkoa da genero-ikuspuntua barneratzea.

Genero-indarkeriaren biktima izateak buru osasun arazoak eragin ditzake: antsietatea, depresioa, egokitzapen arazoak, trauma osteko estresa, adikzioak, elikadura-portaeraren nahasmendua, etab. Bestalde, aurretiko patologia psikiatrikoak, buru osasun arazo larriak izateak, nahasmendu bipolarrak edo eskizofrenia pairatzeak, genero-indarkeria sufritzeko arriskua areagotzen du. Emakume hauek arrisku-populazio lagin baten barruan kokatzen dira, dibertsitate funtzionala duten pertsonen edota emakume etorkinen kasuan gertatzen den moduan. Ikerketa desberdinetan jasotzen den bezala, buru osasun arazoak dituzten emakumeen %70k genero-indarkeria pairatu du. 

Datuen arabera, emakumeek gizonezkoek baino antidepresibo gehiago kontsumitzen dute, eta antsietatea eta depresioa neurri handiagoan pairatzen dituzte. Arreta sanitarioaren sarean andreen sufrimendua ongi lantzen dela uste duzu? Edo genero-indarkeria kasuak antidepresiboekin estaltzen dituztela pentsatzen duzu?

Genero-indarkeria jasten duten emakumeek patologia mentalak garatzeko aukera gehiago dute, eta nahasmendu horiek tratamendu beharra izaten dute normalean. Bestalde, genero-indarkeria eta buru osasun arazoak bi adar desberdin direla pentsatzen dugun arren, buru osasunaren arloari dagokionean erlazio estua dute. Gizarte-errealitate berdinean bizi gara. 

Puntu hori ahaztea nahasketarako faktorea da, eta jardunbide kliniko egokiak hartu ez direla esan nahi du. Genero-indarkeria kasuen detekzio-falta gizartean nagusi den berdintasun ezaren isla besterik ez da. Gaixotasun psikiatrikoak nazioarteko sailkapenen arabera hautematen dira. Hori horrela, genero-indarkeria pairatu duten biktimak askotan ez dira ongi zainduta sentitzen, arazoaren muinari ez baitzaio arretarik jartzen, eta euren ibilbide klinikoa jarrera patriarkalek eragindako eredu medikoekin determinatzen delako.   

Buru osasunaren sarean genero-ikuspegia kontuan hartzen dela uste al duzu? Eta Osakidetzan?

Honen aurrean sentsibilizazio gehiago dagoela uste dut. Hala ere, kasuen hautemateari dagokionean, koordinazio falta dago oraindik.  Genero-ikuspegia landu beharra dago oraindik, ez bakarrik buru osasunaren sarean, baita oinarrizko arretan, gizarte zerbitzuetan eta nagusiki hezkuntzan ere. 

Fedeafesek egindako emakumearen aurkako indarkeriaren azterketaren arabera, buru osasun arazoak dituzten emakumeen %80k genero-indarkeria pairatu du. Horien  %40k biolentzia sexuala jasan du; eta %40k ere ez du indarkeria identifikatzen. Gainera, pertsona horien erreferentziazko profesionalen %50k ez du gertatutakoaren berri izaten. Zer egin daiteke emakume hauen genero-indarkeria kasuak antzemateko?

Jasotako datuak ikaragarriak dira, eta sistema birplanteatzea beharrezkoa da. Arazoa ez dago soilik arreta-zerbitzuetan, baizik eta baita baliabide faltan ere. Buru osasunaren arloko genero-indarkeriaren biktimak identifikatu eta tratatzeko ikerketa gutxi dago, baina agerikoa da errealitate horrek erantzuna behar duela. Eta osasun mentaleko zerbitzuen papera oso garrantzitsua da emakumeen aurkako biolentziaren lehen eta bigarren mailako prebentzioan.

Baliabide eta laguntza nahikorik ba al dago buru osasun arazoak eta, gainera, biolentzia pairatu dituzten emakumeentzat? Zeintzuk dira euren beharrak?

Eremu desberdinetan baliabide eta laguntza gehiago behar dira. Harrera-etxe gehiago behar dira bizitza arriskuan dagoen egoerei irtenbidea emateko, eta laguntza psikologiko eta psikiatriko espezifikoa eskaini behar zaie kolektibo honetako andreei.  Elkarteek, emakume taldeek eta beste kolektibo desberdinek, talde feministek, esaterako, emakume hauen ahalduntzean lagun dezakete.

Buru nahasmendua duten hainbat emakumek arazoak izaten dituzte harrera-etxeetan geratzeko. Kasu horiek artatze aldera, osasun mentaleko sarearen eta harrera-etxeen arteko koordinazioa landu beharko litzatekela uste al duzu?

Beharrezkoa da gaixotasun psikologikoa duten emakumeek harrera-etxeetarako sarbidea izatea, gainontzeko andreek duten modura. Estigmatizazio bikoitz baten aurrean aurkitzen gara; izan ere, buru gaixotasuna pairatzeagatik baztertuak izateaz gain, ez dute genero-indarkeriaren aurrean beharrezkoa duten laguntza jasotzen. 

Compartir esta entrada