“Oso garrantzitsua da emakumeon formakuntza, eta beste emakumeei ahalduntzen laguntzea”

Lurdes Da Costa elkarrizketatu dugu. Buru osasunaren arloko aktibista da Salut Mental Catalunya federazioan eta Salud Mental España konfederazioan.

lurdes da costa

Zein izan da zure esperientzia buru osasunari dagokionez?

Diagnostikoa ez zitzaidan 38 urte nituenera arte iritsi, baina atzera begiratuta konturatzen naiz aurretik banituela arazoak. Nire lehen suizidio-saiakera 9 urterekin izan zen. Sexu-abusuak jasan nituen oso gaztea nintzela, eta bizirauteko zailtasunak izan ditut bizitzan zehar, soldata oso txikia nuelako. Portugaldarra naiz, eta Espainiaz hitz egin zidaten garai batean. Beste lan mota batzuk egin eta bizimodu hobea izan nezakeela esan zidaten, baina hona iristerakoan sexu-ustiapenaren biktima izan nintzen eta askatasuna galdu nuen. Bakarrik nengoen laguntzarik ez nuelako. Bost urteren ondoren, egoera horretatik irtetea lortu nuen, eta ikasteko nahiz ama izateko aukera izan nuen. Alaba bat daukat, orain 25 urte dituena. 33 urterekin fibromialgia bat diagnostikatu zidaten eta, ondoren, bi urtez ospitale psikiatrikoetako ate birakarian egon nintzen.

Nola hurbildu zinen Salut Mental Catalunya mugimendura?

Aurreiritzi asko nituen elkarteen aurka. Desberdintzat nuen nire burua, uste nuen ez nuela buru osasunarekin loturiko horrelako arazorik, baina erabat oker nengoen. Osasun mentalean esperientzia duen talde batengana joaten hasi nintzen, eta hortik aurrera bizitza aldatu zitzaidan. Talde horretan prestakuntzaren aldeko apustua egiten zuten, ahalduntzeko bide gisa. Horrela, bozeramaile gisa trebatu nintzen eta gure eskubideei buruz ikasi nuen. Ostera, lagun batek institutu batean hitzaldi bat ematen laguntzeko eskatu zidan, eta hor hasi zen nire aktibismoa.

Buru Osasuna Euskadi federazioan urte asko daramatzagu osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeen, diskriminazio anizkoitzaren eta indarkeria matxistaren gaia lantzen. Denbora daramagu errealitate hori ikusarazten. Zer egin dezakegu buruko osasun arazoak dituzten emakumeen berdintasunean aurrera egiteko?

Esango dizuedana egiten ari zarete jada: egoera hau ikusarazi, ikusarazi eta ikusarazi, baita profesionalak prestatzen lagundu ere. Gutako asko bigarren mailako herritar sentitu gara, gure eskubideak ezagutzen ez genituelako. Gure erasotzaileei ere eskerrak eman behar genizkien, haiei esker bizirauten genuelako. Emakume oso prestatuak daude, lizentziadunak, baina desgaitasuna duten emakumeei eskaintzen zaizkien lanak prekarioak dira. Beste alderdi garrantzitsu bat da emakumeak ez direla baliabideetara iristen, eta geure buruari galdetu behar diogu zergatik gertatzen den hori.

Zer iruditzen zaizu Espainiako Osasun Mentaleko Emakumeen Sarea?

Inoiz ezagutu dudan gauzarik zoragarriena iruditzen zait, inpartziala ez naizen arren. Niri asko lagundu zidan sareak. Jasan ditudan sexu-abusuen eta sexu-ustiapenaren kontua duela gutxi hitz egin ahal izan dut nire alabarekin; oso errudun sentitzen nintzen egoera horietan erortzeagatik. Bai niretzat eta bai Kataluniako federazioarentzat ere Estatuko sarea eredu izan da guretzat, konturatu garelako emakumeen arteko elkartasuna oso garrantzitsua dela. Gaur egun ere badaude emakume asko gurekin elkartzen direnak baina ez direnak gai jendaurrean hitz egiteko, eta garrantzitsua da guztiei lekua eta ahotsa ematea. Horretarako dago Emakumeen Estatuko Sarea, autonomia-erkidego guztietako emakume zoragarriak biltzen dituena. Gure federaziotik eredua kopiatu dugu eta hor gaude.

Buru osasuneko arazoak dituzten emakumeen aurkako indarkeriari buruz hitz egiterakoan, gaiaren inguruan egin genuen ikerketa da gure erreferentzia. Ateratako datuen arabera, osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeen % 80k indarkeria pairatu du bizitzan zehar, emakumeen % 40k ez du indarkeria hori identifikatu, eta kasuen % 50ean erreferentziazko profesionalak ez zuen ezagutzen artatzen zuen emakumea indarkeria matxista jasaten ari zela. Hausnarketa gisa, ikusten dugu indarkeria matxista antzemateko zailtasunak daudela. Nola ikusten duzue Kataluniatik? Zertan ari zarete han?

Katalunian, emakume-taldeetatik, autolaguntzako taldeak sortu ditugu, batzuk parte hartzen duten emakumeek beraiek kudeatutakoak eta beste batzuk profesionalek kudeatutakoak. Konfiantza- eta segurtasun-espazio bat ematen denean, non emakumeak ez diren epaituak sentitzen, hain delikatua den informazio hori azaleratu egiten da. Hori asko gertatzen zaigu elkarri laguntzeko taldeetan, zeinetan profesionalik ez dagoen. Emakumeek naturaltasun handiagoz hitz egiten dute beren arazoez espazio hori aurkitzen dutenean, askotan sentitzen baitute ezin dutela familiarekin zein profesionalekin hitz egin hainbat gauzez. Errepresalien beldur ere badira. Orduan, taldeetan, konfidentzialak direnez, gure esperientziatik hitz egiten saiatzen gara, eta emakumea indarkeria-mota hori jasaten ari dela konturatzen hasten denean, lagundu diezaioketen profesionalengana bideratzen dugu.

Askotan, emakumeak ez du salaketarik jarri nahi izaten, horrek seme-alaben zaintzarik gabe geratzea ekar dezakeelako. Emakumearen testuinguru osoa hartu behar da kontuan, zer euskarri duen edo ez duen ikusi behar da, eta bere erritmora egokitu behar gara.

Osoko bilkurak egiten ditugu, eta bertan biltzen gara taldeak kudeatzen ditugun emakumeak eta profesionalak. Bilera horietan kasuak azaltzen ditugu eta emakumeei nola lagundu aztertzen dugu. Pazientzia handia izan behar dugu, emakume bakoitzaren erritmora egokitu, eta haien autoestimua handitzen lagundu behar diegu. Bakarrik ez daudela jakinarazi behar diegu, baita lagundu eta entzun ere. Oso garrantzitsua da entzute aktiboa, eta erabakiak norberak hartu behar dituela garbi edukitzea. Badakigu, halaber, osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeentzat batzuetan oso zaila dela harrera-baliabideetara iristea.

Zer esan diezagukezu Kataluniako Osasun Mentaleko emakume-taldeetan egiten duzuen lanaz?

2019an hasi ginen zazpi edo bederatzi emakumeren artean, eta gaur egun hirurehun baino gehiago gara. Covid delakoak harrapatu gintuen, eta gauza asko gelditu egin behar izan ziren. Garai hartan konturatu ginen emakumeek, lana eta zaintza uztartzeagatik, zailtasunak zituztela topaketa horietara iristeko. Horregatik, espazio irisgarriak sortzen hasi ginen eta elkarri laguntzeko online taldeak antolatu genituen. Horrela, landa-inguruneko emakumeei irisgarritasuna ematea ere lortu genuen. Urtero lau bilera egiten ditugu taldeak eramaten ditugun emakumeok profesionalekin batera, eta prestakuntza jasotzen dugu indarkeriak detektatzeko, gure sexu- eta ugalketa-eskubideak ezagutzeko eta abar. Jardunaldi batzuk antolatu ditugu eta "Sentitzeko eskubidea" izenburudun bideo bat egin dugu. Talde perinatal batean ere parte hartzen ari gara, haurdunaldiaren aurretik, bitartean eta ondoren emakumeei laguntzeko.

Gainera, laguntza pertsonaleko figura bat izatea gustatuko litzaiguke, autonomia gutxien duten emakumeei babesa eman eta ahalduntzen laguntzeko.

Zure ustez, norantz bideratu beharko ginateke buru osasuneko arazoak dituzten emakumeen eskubideak defendatzen ditugun sareak?

Emakumeen ikusgarritasuna azpimarratu beharko genuke, eta gure artean sareak eta aliantzak sortu, ez bakarrik osasun mentaleko arazoak ditugunon artean, baita emakume guztien artean ere. Elkarteen gobernu-postuetan egoteko prestatu behar gara. Elkarte-mugimendua aldatzen eta norabide horretan bideratzen ari da. Gainera, babestuko gaituzten aurrekontuak behar ditugu.

Nola ikusten duzu buruko osasun arazoak dituzten emakumeen etorkizuna? Zure ustez, parte-hartze mailan aurrera egitea errealitate bat izango da, bai osasun mentaleko elkarte-mugimenduan, bai gizartean?

Nik baietz uste dut, gauzak egiteko gogoa duten emakume asko daudelako, iristeko dauden guztiak barne. Izan ere, gure elkarteetatik laguntza jasotzen dugunean, eman digutena itzultzeko beharra sortzen zaigu, bai mugimenduan lan egiten dugunoi eta bai boluntariotzaren bidez gure ekarpena egiten dugunoi. Horrela, baliagarri eta baliotsu sentitzen gara, gure ahotsa garrantzitsua delako, emakume guztien ahotsa bezala, eta hemen egon behar dugu egunen batean etorriko diren guztien alde lanean. Oso garrantzitsua da emakumeon formakuntza, eta beste emakumeei ahalduntzen laguntzea.

Zer esango zenieke indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei?

Bakarrik ez daudela, laguntza bila dezatela, beren lurraldeko elkartera gertura daitezela. Emakume asko antzeko egoeran egon garela eta aurrera atera garela adieraziko nieke. Gaur egun niretzat pentsaezina da nire lehengo bizitza; hori ez nintzen ni. Nire zati bat zen, nik erabakitzen ez nuena… eta hain da polita erabakiak norbere kabuz hartu ahal izatea!

 

Compartir esta entrada